Sektore turistikoko profesionalak Altzon (Gipuzkoa) elkartuko dira martxoaren 13an, AKTIBATU 2024, natura turismoa eta jasangarritasunari buruzko jardunaldien XI. edizioan. Ekitaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolamenduko sailaren, Tolosaldea Garatzenen eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren babesa jaso du.
Edizio honetan jardunaldiaren formatua aldatzearen aldeko apustua egin da, lan-espazioak sortzera eta lurraldearen beharrei erantzutera bideratuagoa. Beste berrikuntza batzuen artean, edukiera murriztu da (50 partehartzaileko aforoa bete zen), parte-hartzaileen arteko topaketa sustatu da, baita eztabaidarako eta hausnarketarako espazioak ere. Gainera, landa-herri batean Aktibatu bezalako ekitaldi bat antolatzea ere erronka garrantzitsua izan da.Jardunaldiaren hasiera ekitaldian Xabier Olano Altzoko alkateak eta Ekaitz Zubeltzu Bizibiziki aholkularitza turistikoko gerenteak parte hartu zuten. Lehen aurkezpena Jon Asua Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamendurako Zerbitzuko buruak egin zuen, eta lurralde-plangintzako tresnak eta baliabide turistikoen kudeaketa azaldu zituen.
Ondoren, goizeko lehen gai-multzoan, bisitarien kudeaketari eta naturguneetako informazio-puntuei lotutako hainbat adibide aurkeztu ziren: Ihoberen Ekoetxeen Sarean ezarritako ikuspegi eta metodologia berria, lurraldearen ikuspegi estrategikoa eta Aralarren helmuga turistiko gisa, edo Euskal Elkargoaren turismo-bulegoen funtzionamendu- eta egituraketa-eredua. Bigarren gai-multzoa, aldiz, gaur egun helmuga naturalen kudeatzaileek dituzten mugikortasun-erronkei buruzkoa da. Kataluniako hainbat helmugatan, hala nola La Garrotxan, El Montsenyko Parke Naturalean edo Cap de Creuseko Parke Naturalean, ezarritako esperientzia arrakastatsuen berri eman zen, eta Sommeko (Frantzia) Baie eskualdean prestatutako mugikortasun turistiko jasangarriaren estrategia aurkeztu zen.
Altzoko Ostatuan bazkaltzeko merezitako etenaldiaren ondoren, jardunaldiak azken bloke tematikoarekin jarraitu zuen, non helmugen monitorizazioarekin lotutako bi proiektu azaldu ziren, gune naturalen kudeatzaileek jarduera turistikoa kontrolatzearen eta monitorizatzearen garrantzia ulertzeko gakoak emanez.
LANERAKO ESPAZIOAK
Jardunaldiari amaiera emateko, lan-saio bat egin zen, eta parte-hartzaileek, bi taldetan banatuta, Tolosaldeko mugikortasun turistikoaren errealitateari buruzko tailer praktiko batean parte hartu zuten. Eskualdeko etorkizuneko erronkei irtenbide batzuk proposatzean zentratu zen lana.